Laguntza-programa berriak, erabiltzaileen bizi-kalitatea hobetzeko

2024/04/12

Ongizate programa adimen desgaitasuna duten pertsonentzat egokitu dugu, PZP jende gehiagorengana iristeko hedatu dugu eta sedentarismoari aurre egiten diogu

Facebooktwitterredditpinterestlinkedinmail

Laguntzak pertsonalizatzeko dugun erronkaren ildotik, hiru programa berri abiatu ditugu adimen desgaitasuna duten pertsonen bizi-kalitatearen hainbat alderditan eragiteko: norberaren ongizatea eta garapena; pertsonarengan zentratutako plangintza (PZP) eta jarduera fisikoa.

Partaidetza Asoziatibo sailatik, 2021. urtean familientzat abiatu genuen garapen eta ongitasun pertsonaleko Ongizate programa egokitu dugu adimen desgaitasuna duten pertsonek ere parte hartu ahal izateko. 6-8 saiotan, norberaren zaintzarako, ongizaterako eta garapenerako funtsezko alderdiak jorratzen dira, elkarri lagunduz eta irakurketa errazera egokitutako materialak baliatuz.

Eretza EAZko eta Ibarreta-Zuloko Egoitzako 19 erabiltzailerekin esperientzia pilotua egin ostean, programa gure Etxebizitzetara eta Aisialdi eta Astialdiko taldeetara zabaltzen ari gara.

Plan pertsonalizatuak
miPlan 2012tik gure zentroetan pertsonarengan oinarritutako plangintza errazten duen tresna da. Eta beste testuinguru batzuetan izan dezakeen erabilgarritasuna ezagutzeko, adimen desgaitasuna duten gure elkarteko pertsonen eskura jarri dugu, zehazki eguneko zentrora joaten ez direnen eta egoitza edo etxebizitza lagunduan bizi ez direnen eskura.

Lehen fasean, talde-saioetan, norberaren interesak eta helburuak zehazten dira, elkarri laguntzeko eta ikerketa partekatuko dinamikak eginez. Gero, parte-hartzaile bakoitzak, bakarka, bere lehentasunak ezarri, bere laguntza-zirkulua –profesionala zein naturala– identifikatu, eta bere bizi-helburuetara eta -jomugetara hurbiltzeko plan errealista zehazten du.

Jarduera fisikoa
Bestalde, fisioterapia-taldearen bidez, jarduera-programa bat diseinatu dugu zentroetako erabiltzaileei beren errutina osasungarriei eusten eta sedentarismoa saihesten laguntzeko. ‘Fisioteka’ izendatua, 50 jarduera baino gehiago biltzen ditu, azalpentxartelekin eta bideo erakusgarriekin lagunduta.

Ariketetan, zentzumenen estimulazioa, mugikortasuna, malgutasuna, arnasketa, koordinazioa, indarra, oreka eta jarduera sentsorial, kooperatibo eta kirol aurrekoak lantzen dira, eta edozeinek egin ditzake, beharrezko egokitzapenekin. Gure Arangoiti, Arteagoiti eta Ibarreta-Zuloko egoitzetan abiatu zen lehenengoz baliabide hau, eta dagoeneko beste zentro batzuetara hedatzen ari gara.

 

Hiru jarduera abiatu ditugu

erabiltzaileen bizimodua hobetzeko.

Batek hobeto egoteko balio du.

Beste batek, planak egiteko balio du.

Eta hirugarrenak,ariketa fisikoa egiteko balio du.